
Hausterre Egunarekin eta hautsaren zeinua eginez hasten dugu Garizumaldia. Aldi egokia gure pentsakizun, jarrera eta jokabideak aztertzeko eta Jesukristo eta bere Ebanjelioarekin gehiago eta hobeto konfiguratzen ahalegintzeko. Baita gure itxaropena indartzeko ere.
Aurtengo Garizuma Frantzisko Aita Santuak konbokatutako Jubileu Urtearen barnean ospatzen dugu, “itxaropenaren erromes” bihurtzera gonbidatuak izanik eta itxaropena izanik mezu eta erronka nagusia: beldurretik konfiantzara, etsipenetik poztasunera, zalantzatik ziurtasunera eta axolagabetasunetik maitasunera igarotzea.
Kristau itxaropena Pablo apostoluak Erromako fededunei eskainitako hitzetan oinarritzen da: inork eta ezerk ez gaituela inoiz aldenduko Jainkoak, Jesukristo gure Jaunarengan agertu digun maitasunetik (Erm 8, 35-39). Itxaropen honek fedea du ardatz eta karitatetik elikatzen da, eta berarekin lotura estua duen bertute eta jarrera garatzera eramaten gaitu: pazientzia.
San Paulok maiz jotzen du pazientziara, geure buruaren jabe izanez eta Jainkoarengan konfiantza jarriz bizitzen laguntzen duelako. Garizuma honetan landu dezagun, beraz, itxaropenari bizirik eusten dion pazientzia.